

TXINDOKIKO ITZALA: MARKA BATEN KARISMA NATURALA
Nork ez du Txindoki ezagutzen? Gipuzkoako mendi mitikoa da. Txindokiren tontorrean inoiz egon denak Txindoki maite du. Baina gailur hori zapaldu ez duenak ere maite du Txindoki, mendi karismatikoa baita, dudarik gabe.
Txindoki natura da, natura zentzu gordinean, autobideetatik eta bizimodu modernoaren zaratatik ihes egin duen txokoa. Antzinako artzainen bizimodua eta egungo hirietako mendizale modernoenen topalekua da Txindoki. Eta orain, Txindoki, abentura da ere, abentura eta dibertsioa.
Bizibiziki enpresako lagunak guregana etorri ziren Txindokiko Itzala izeneko egitasmoa esplikatzera. Liluratuta geratu ginen hasiera-hasieratik, «natura eta abentura uztartuko dituen eskaintza sortu nahi dugu, garapen lokalari begira eta turismo aktiboaren koordenadetan» azaldu ziguten. Proiektu irabazlea zela ikusi genuen lehenengo unetik. Beren ideia eta ikuspegia txalotu eta berehala idei hau etorri zitzaigun burura: «proiektu hau ezin da gaizki atera».
Markaren arkitekturan zentratu ditugu gure ahaleginak orain arte, zerbitzuen eta publikoen definizioan eta marka posizionamenduan. Bisualki, Txindoki jolas bihurtu dugu, mendiaren soslaia txirrista bilakatuz. Naturatik dibertsiora salto egin dugu irudi korporatiboaren bitartez, esanahien mix sendoa osatuz. Txindokiko Itzalaren logotipoak Txindoki mendiak duen magia islatu eta bere karismaz blaitu egin da, markaren enbaxadore nekaezina izateko. Horixe baita logotipo baten eginkizuna, markak dituen baloreen eta atributuen ordezkaria izan jendearen aurrean, modu iraunkorrean, marka esperientzia bakoitzean eta komunikazio ekintza orotan.
Laster, Txindokiko Itzalaren webgunea aurkeztuko dizuegu, eta orduan aukera izango dugu proiektuaren aspektu gehiago desestaltzeko. Bitartean, Briefing atalean baduzue zer ikusi proiektu honen inguruan, eta nahi izanez gero Txindokiko Itzalaren Facebook orrialdea baliatu dezakezue harremanetan egoteko.
Emailez bidali
