harman
tarzan

HARMANEN PENTSATU EGITEN DUGU

Bai, egia borobila da: Harmanen pentsatu egiten dugu. Asko pentsatu gainera. Eta egia da, gainera, gure asmoen berri emateko ekoiztu dugun bideoan esaten dugun moduan, aspaldikoa dela gure komunikazio-sistema hobetu eta berritzeko nahia. Komunikazioak arduratzen gaitu, komunikazio agentzia baikara. Gogoz heldu diogu gure webgunearen berritze lanei eta gaur erakutsi ahal dizuegu gure komunikazio-sistemaren bihotza izango den tresna berri hau.

Lagun eta bezero askok aipatu digute oso gustukoa zutela gure webgune zaharra. Guk ere estimu berezia diogu, baina une honetan hasi ginenean baino zeresan handiago dugu, eta eskasa geratu zaigu. Lasai, haren onena hemen ere izango duzu-eta: Harmanen kultura eta komunikazio-ikuspegia (marrazkitxoak dekretuz desagertu dira!). Webgune zaharraren alderdi pedagogikoari eutsi egingo diogu, nolabait esateko. Gaur estreinatzen dugun tresna berri honekin, bide hori segitzen saiatuko gara, hausnartzen eta pentsatzen dugun guztia konpartitzen, alegia.

Baina bestelako helburuak ere baditugu. Gure lanaren nolakotasunagatik, proiektu eta pertsona interesgarriekin egiten dugu topo egunero. Elkarrizketa luze eta interesgarriak izaten ditugu gai ezberdinen inguruan. Bezeroekin, gure lagun eta kolaboratzaileekin eta agentzia barruko lan saioetan ere, noski. Energiaz beteriko une horien xarma konpartitzeko asmoa dugu. Batzuetan lehenengo pertsonan izango da eta beste batzuetan ahots interesgarri horiei emango diegu bidea, zuzenean hitz egin dezaten.

Elkarrizketa eta hausnarketa horietan sartuak gaudela, batzuetan ideia indartsu batekin egiten dugu topo, eta batzuetan, gainera, ideia hori esaldi borobil batean sintetizatzen asmatzen dugu. Une berezia da hori, gure lanerako inspiratzailea eta argigarria den kontzeptu bat asmatu edo aurkitu dugulako. Mantra bat, askotan geure buruari errepikatzen dioguna, errealitatearen alderdi bate erakusten digulako. Harmantra deitzen diegu horiei. Agentziaren kulturaren adierazle dira, eta zuekin konpartituko ditugu gaurtik aurrera, zuentzat ere inspiratzaileak izango direlakoan.

Lana da, hala ere, agentzia baten altxorra. Gure bezeroekin elkarlanean aurrera ateratzen ditugun proiektuetan dago gure esentzia eta gure lan egiteko moduaren traza. Lan horiek erakusteko eta konpartitzeko ahalegin berezia egin nahi dugu. Briefing atalean topatuko dituzu kasuak, proiektuak, egitasmoak eta horietako bakoitzari eman diogun soluzioa. Pentsatzen dugu interesgarria egingo zaizuela, gure lanaren erakusle eta zuen lanaren iradokitzaile izango delakoan.

Tira ba, hemen gaude, hemen segitzen dugu, indartsu eta gogotsu urte berrirako ditugun asmo, helburu eta erronkei ekiteko.

The show must go on!

Emailez bidali Emailez bidali

Erantzun